Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

27. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Jehobarengan esperantza jarri

Jehobarengan esperantza jarri

«Itxaron Jaunarengan! Eutsi gogor, izan kemen!» (SAL 27:14).

sjj 128. KANTA Iraun sendo azkeneraino

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. a) Zer esperantza eman digu Jehobak? b) Zer esan nahi du Jehobarengan esperantza jartzeak? (Ikusi «Zer esan nahi du?» oharra).

 JEHOBAK bera maite dutenei esperantza zoragarria eman die. Laster ez da gaixotasunik, tristurarik ezta heriotzarik egongo (Ap 21:3, 4). Apalei lurra paradisu bihurtzen lagunduko die (Sal 37:9-11). Gainera, adiskidetasun zoragarria izango dugu berarekin, gaur egun daukaguna baino askoz ere ederragoa. Zergatik egon gaitezke ziur egundoko esperantza hau egia bihurtuko dela? Jehobak bere hitza beti betetzen duelako. Beraz, arrazoi onak ditugu Jehobarengan itxaroteko edo esperantza jartzeko (Sal 27:14). * Nola egin dezakegu hau? Jehobak bere asmoa guztiz bete arte pazientziaz eta pozik itxaroten (Is 55:10, 11).

2. Zer egin du Jehobak dagoeneko?

2 Jehobak dagoeneko erakutsi du bere hitza beti betetzen duela. Adibidez, gure garaian nazio, arraza eta hizkuntza guztietako jendea elkartu eta bera adoratuko zuela aurresan zuen Apokalipsia liburuan. Gaur egun, gizatalde handia izenez ezaguna da talde hau (Ap 7:9, 10). Jatorri, arraza eta hizkuntza askotako gizon, emakume eta haurrak bakean eta elkarturik dagoen anaiarte bat osatzen dute (Sal 133:1; Jn 10:16). Predikatzaile sutsuak dira eta entzun nahi dutenei beraien esperantzari buruz hitz egiten diete (Mt 28:19, 20; Ap 14:6, 7; 22:17). Gizatalde handiaren parte bazara, dudarik gabe, asko maite duzu zure esperantza.

3. Zein da Satanasen helburua?

3 Satanasek esperantza galdu dezagun nahi du. Jehoba ez dela gutaz arduratzen eta bere promesak ez dituela betetzen pentsarazi nahi digu. Guk horrela pentsatzea lortzen badu, desanimatu eta agian, Jehoba zerbitzatzeari utziko diogu. Ikusiko dugun bezala, horixe bera egiten saiatu zen Jobekin.

4. Zer aztertuko dugu artikulu honetan? (Job 1:9-12)

4 Satanasek Joben integritatea hautsi nahi zuen. Zer egin zuen horretarako? (Irakurri Job 1:9-12). Zer ikasi dezakegu Joben eredutik? Zergatik gogoratu behar dugu Jehobak maite gaituela eta bere hitza beti betetzen duela? Artikulu honetan galdera hauen erantzunak ikusiko ditugu.

SATANASEK JOBEK ESPERANTZA GALTZEA NAHI ZUEN

5, 6. Zer gertatu zitzaion Jobi oso denbora gutxian?

5 Job oso ondo bizi zen. Jehobaren lagun mina zen, familia handi eta zoriontsua zuen, eta aberatsa zen (Jb 1:1-5). Baina egun batetik bestera, ia-ia guztia galdu zuen. Hasteko, aberastasunak (Jb 1:13-17). Gero, seme-alaba guztiak hil zitzaizkion. Pentsa zer lur jota sentitzen diren seme edo alabaren bat galdu duten gurasoak. Ba imajinatu nola sentituko ziren Job eta emaztea hamar seme-alabak aldi berean galtzean. A zer-nolako kolpea! Izugarrizko mina eta desesperazioa sentituko zuten. Ez da harritzekoa berria entzutean Jobek jantziak urratu eta lurrera erori izana! (Jb 1:18-20).

6 Ondoren, Satanasek osasuna eta duintasuna lapurtu zizkion (Jb 2:6-8; 7:5). Lehenago, jendeak errespetu handia zion Jobi eta berarengana jotzen zuen aholku bila (Jb 31:18). Baina orain bere anaiek, lagunek, baita etxeko morroiek ere, marjinatu egiten zuten! (Jb 19:13, 14, 16).

Gaur egungo anai-arreba askok Joben desesperazioa ulertu dezakete, antzeko egoerak bizi izan dituztelako. (Ikusi 7. paragrafoa) *

7. a) Zergatik uste zuen Jobek sufritzen ari zela, baina zer ez zuen egin? b) Nola izan dezake gaur egun kristau batek irudian ikusten den antzeko proba bat?

7 Satanasen helburua Jobek Jehoba berarekin haserre zegoela pentsatzea zen. Horretarako, haizea erabili zuen Joben seme-alabak bazkaltzen ari ziren etxea behera bota eta hauek hiltzeko (Jb 1:18, 19). Sua bidali zuen zerutik Joben artaldeak eta artzainak kiskaltzeko (Jb 1:16). Sua eta haizea zerutik etorri zirenez, Jobek Jehobak bidali zituela eta berarekin haserre zegoela pentsatu zuen. Baina, urtetan zehar gauza on asko eman zizkiola gogoratuz, ez zen bere Aitaren aurka jarri. Jehobarengandik gauza onak onartzen bazituen, gauza txarrak ere onartzeko prest egon behar zuela arrazoitu zuen. Beraz, esan zuen: «Segi dezala Jehobaren izenak goratua izaten!» (Jb 1:20, 21NWT; 2:10). Zailtasun ekonomiko, emozional eta fisikoak izan arren, leial mantendu zen. Baina Satanasek ez zuen amore eman.

8. Zer gehiago erabili zuen Satanasek Joben aurka?

8 Satanas beste zerbaitekin saiatu zen. Hiru lagun faltsu erabili zituen Joben autoestimua hondatzen saiatzeko. Gizon haiek gaiztakeriak egiteagatik sufritzen ari zela esan zioten (Jb 22:5-9). Gauza onak egiten saiatu arren, Jainkoari bere ahaleginak ez zitzaizkiola axola sinestarazi nahi izan zioten (Jb 4:18; 22:2, 3; 25:4). Jehobaren maitasuna eta ardura zalantzan jartzea nahi zuten, baita bera zerbitzatzeak merezi ote zuen ere. Esan zioten guztiagatik, itxaropenik ez zuela pentsatu zezakeen Jobek.

9. Zerk lagundu zion Jobi ausart eta indartsu izaten?

9 Imajinatu egoera. Job errauts gainean eserita dago eta izugarrizko mina sentitzen ari da (Jb 2:8NWT). Berarengana etorri direnak gaiztoa dela eta egiten duenak ez duela ezertarako balio esaten ari dira. Zailtasun ikaragarriak ditu eta bere seme-alaben heriotzak zeharo lur jota utzi du. Jobek hasieran ez du ezer esaten (Jb 2:13-3:1). Isilik dagoela ikusita, agian, Jehobaren aurka jarriko dela pentsatzen dute hiru gizonek. Baina hori uste badute, guztiz oker daude. Seguraski, burua altxatu eta beraiei begira honakoa dio: «Hil arte ez diot uko egingo nire integritateari!» (Jb 27:5NWT). Zerk lagundu zion Jobi ausarta eta indartsua izaten? Momentu okerrenean ere ez zuen zalantzan jarri, lehenago edo beranduago, Jehobak bere sufrimendua kenduko ziola. Ziur zegoen hil behar bazuen ere, Jehobak berpiztuko zuela (Jb 14:13-15).

NOLA JARRAITU DEZAKEGU JOBEN EREDUA?

10. Zer ikasten dugu Joben bizipenetik?

10 Zer irakasten digu Joben bizipenak? Satanasek ezin gaituela Jehoba zerbitzatzeari uztera behartu eta Jehoba gertatzen den guztiaz konturatzen dela. Baina badira pasarte honekin lotutako beste gai batzuk. Ikus dezagun zer gehiago ikasi dezakegun Jobi gertatutakotik.

11. Jehobarengan konfiantza jartzen jarraitzen badugu, zertaz egon gaitezke ziur? (Santiago 4:7)

11 Jobek argi erakutsi zuen Jehobarengan konfiantza badugu, edozein probaren aurrean iraun eta Satanasi aurre egin ahal izango diogula. Hala egin ezkero, Deabruak gugandik ihes egingo duela ziurtatzen digu Bibliak (Irakurri Santiago 4:7).

12. Nola indartu zuen Job berpizkundearen esperantzak?

12 Tinko eutsi behar diogu berpizkundearen esperantzari. Aurreko artikuluan, Satanasek Jehobaren zerbitzariek leial izateari uztea nahi duela ikusi genuen eta, horretarako, askotan heriotzari beldurra erabiltzen duela. Satanasek Jobi buruz esan zuen bizirik jarraitzeko edozer gauza egiteko prest egongo zela, baita Jehoba uztea ere. Baina guztiz oker zegoen. Momentu goibelenetan ere, heriotza hurbil ikusi arren, Jobek ez zuen amore eman. Jehoba zeinen ona den zekienez, konfiantza osoa zuen berarengan. Jehobak behar zen momentuan gauzak konponduko zituen esperantza sendoa zuen. Hil behar bazuen ere, ez zuen zalantzarik etorkizunean Jehobak berpiztuko zuela. Jobentzat berpizkundearen itxaropena bene-benetakoa zen. Guretzat ere hala bada, heriotzak mehatxatzen bagaitu ere, Jehobari leial izango gara.

13. Zergatik jarri behar diogu arreta Satanasek Jobekin jokatu zuen moduari?

13 Arreta handia jarri behar diogu Jobek Satanasekin jokatu zuen moduari. Zergatik? Gurekin ere gauza bera egiten saiatuko delako. Izan ere, Satanasen salaketa honakoa izan zen: «Daukan guztia ematen du gizakiak [ez bakarrik Jobek], bere bizia salbatzearren» (Jb 2:4, 5). Satanasen arabera, ez dugu Jehoba benetan maite eta bizirik jarraitzeko bera uzteko prest egongo ginateke. Ez hori bakarrik, Jehobak ez gaituela maite eta gure ahaleginak ez dituela baloratzen ere esaten du. Zer lortu nahi duen ongi dakigunez, ez gaitu engainatuko.

14. Zer erakusten digute probek? Adibide bat eman.

14 Probak geure burua hobeto ezagutzeko aukerak direla gogoratu behar genuke. Jobek bere ahuleziak hobeto ezagutu eta zuzendu ahal izan zituen. Esate baterako, apalagoa izan behar zuela konturatu zen (Jb 42:3). Guri ere gauza bera gertatzen zaigu. Nikolay * izeneko anaia bat oso gaixo egon arren, espetxeratua izan zen. Berak dio: «Kartzela erradiografia bat bezalakoa da, argi eta garbi erakusten digu gure barruan zer ezaugarri lantzeko beharra dugun». Gure ahuleziak ezagutzen ditugunean hauek zuzentzeko lanean hasi gaitezke.

15. Nori entzun behar diogu eta zergatik?

15 Jehobari entzun behar diogu beti, ez etsaiei. Jobek hori egin zuen Jehobak berarekin hitz egin zuenean. Jainkoak horrelako zerbait esanez arrazoitu zuen berarekin: «Ez al duzu ikusten nire botereaz sortu dudana? Oso ondo dakit gertatu zaizun guztia. Ezin zaitudala zaindu iruditzen zaizu?». Jobek apal-apal erantzun eta Jehoba zein ona den eskertu zuen: «Entzutez bakarrik ezagutzen zintudan», esan zuen, «orain, neure begiz ikusi zaitut!» (Jb 42:5). Hitz hauek esan zituenean, Job seguraski errautsetan eserita zegoen oraindik; gorputza minduta eta zauriz josita zeukan eta seme-alabak hilobian zituen. Egoera horretan ere, asko maite zuela eta bere onespena zuela ziurtatu zion Jehobak (Jb 42:7, 8).

16.⁠ Isaias 49:15, 16⁠ arabera, zer izan behar dugu gogoan zailtasunak ditugunean?

16 Gaur egun ere, batzuetan, iraindu eta ezertarako balioko ez bagenu bezala tratatzen gaituzte. Gure izen ona eta erakundearena zikindu nahian, «gezurrez gaizki-esaka» aritzen dira (Mt 5:11). Joben pasartetik ikasi dugu Jehobak asko maite gaituela eta leial izango garen konfiantza osoa duela. Jehobak ez ditu inoiz utziko berarengan itxaroten dutenak (Irakurri Isaias 49:15, 16). Ez diegu sekula etsaien gezurrei jaramonik egin behar. Turkiako James eta bere familiak zailtasun handiak jasan zituzten. Honakoa kontatzen du: «Jainkoaren herriaren aurkako gezurrei entzuteak, desanimatu egiten gintuela ikusi genuen. Horregatik, arreta Erreinuaren esperantzan jartzea eta Jehobaren zerbitzuan buru-belarri aritzea erabaki genuen. Hori egiteak, poza mantentzen lagundu zigun». Jobek egin zuen bezala, Jehobari entzuten diogu. Horrela, etsaien gezurrek ez dute gure itxaropena itzaltzea lortuko.

ESPERANTZAK AURRERA EGITEN LAGUNDUKO DIZU

Jehobak Job bedeinkatu zuen bere integritatearengatik. Emaztearekin batera, bizitza luze eta zoriontsua izan zuen. (Ikusi 17. paragrafoa) *

17. Zer ikasten dugu Hebrearrei 11. kapituluan aipatzen diren gizon-emakume leialen eredutik?

17 Job ez zen izan proba latzen aurrean ausart eta indartsu mantendu zen bakarra. Hebrearrei idatzitako gutunean, «hainbat eta hainbat testigu» aipatu zituen (Heb 12:1). Bizitzan zehar une batzuetan gorriak ikusi zituzten arren, leial mantendu ziren (Heb 11:36-40). Alferrik izan al ziren euren iraupena eta lan gogorra? Inondik inora! Jehobaren promes guztiak beraien bizitzan zehar bete ez ziren arren, ez zuten esperantza galdu. Jehobaren onespena zutela ziur zeudenez, Jehobaren promesak betetzen ikusiko zituztela konbentzituta zeuden (Heb 11:4, 5). Leialtasun eredu hauek indartu egiten gaituzte eta Jehobarengan esperantza mantentzen laguntzen digute.

18. Zein da zure determinazioa? (Hebrearrei 11:6)

18 Mundua gero eta okerrago dago (2 Tm 3:13). Satanasek Jainkoaren herria probapean jartzen jarraituko du. Etorkizunean zer zailtasun izango dugun axola gabe, gure determinazioa Jehobarentzat gogor lan egitea izan behar da, «Jainko biziarengan itxaropen dugulako» (1 Tm 4:10). Joben bizipenak Jehoba «bihozbera eta errukiorra» dela frogatzen du (St 5:11). Guk ere segi dezagun Jehobari leial izaten, bere «bila dabiltzanei saria ematen diela» gogoratuz (Irakurri Hebrearrei 11:6).

sjj 150. KANTA Jehoba da gure salbatzailea

^ Proba latzak jasan zituen norbaitengan pentsatzen dugunean, askotan, Job etortzen zaigu burura. Zer ikasi dezakegu gizon leial honi gertatu zitzaionetik? Batetik, Satanasek ezin gaituela Jehoba uztera behartu. Bestetik, Jehobak gertatzen den guztia ikusten duela beti. Azkenik, Joben sufrimenduak kendu zituen bezala, gureak ere kenduko dituela. Jehobarengan itxaroten dugula erakutsiko dugu, egiten dugunarekin hiru gauza hauetaz konbentzituta gaudela frogatzen badugu.

^ ZER ESAN NAHI DU? Hebreeraz «esperantza» hitza zerbait gogo handiz itxarotearekin lotuta dago. Gainera, norbaitengan konfiantza izatearen esanahia ere izan dezake (Sal 25:2, 3; 62:5).

^ Izen batzuk aldatuak izan dira.

^ IRUDIAREN AZALPENA: Job eta bere emazteak sekulako tragedia bizi izan zuten seme-alabak hil zitzaizkienean.

^ IRUDIAREN AZALPENA: Jobek bere probak amaitu arte iraun zuen. Bera eta emaztea Jehobak nola bedeinkatu dituen hausnartzen ari dira.