Mateo 15:1-39

  • Gizakien tradizioen salaketa (1-9)

  • Gizakia kutsatzen duena bihotzetik dator (10-20)

  • Emakume feniziarraren fede handia (21-28)

  • Jesusek gaixotasun asko sendatu (29-31)

  • Jesusek 4.000 gizoni ematen die jaten (32-39)

15  Orduan, Jerusalemetik etorritako fariseu eta lege maisuak Jesusengana hurbildu eta esan zioten:  «Zergatik ez dituzte jarraitzen zure dizipuluek gure arbasoen tradizioak? Adibidez, jan aurretik ez dituzte eskuak garbitzen*».  Jesusek erantzun zien: «Eta, zuek, zergatik desobeditzen duzue Jainkoaren agindua zuen tradizioak jarraitzeko?  Adibidez, Jainkoak esan zuen: “Ohore eman aitari eta amari”, eta “Aitari edo amari buruz mespretxuz hitz egiten* duenak hila izan behar du”.  Baina zuek diozue: “Aitari edo amari ‘zuri laguntzeko erabili nezakeen guztia Jainkoari eskainitako oparia da’ esaten dionak,  ez dio inondik inora bere aitari ohore eman beharrik”. Beraz, zuen tradizioekin Jainkoaren hitza baliogabe uzten duzue.  Hipokrita halakoak, Isaiasek ederki aurresan zuen zuei buruz:  “Herri honek ezpainez ematen dit ohore, baina bihotza nigandik oso urrun dauka.  Adoratzen naute, bai, baina alferrik, zeren beraien irakaspenak* gizakien aginduetan oinarritzen dira”». 10  Orduan, jendetzari hurbiltzeko eskatu eta esan zion: «Entzun eta ulertu esaten dizuedana: 11  gizakia ez da kutsatzen ahotik sartzen zaionarekin, ahotik ateratzen zaionarekin baizik». 12  Orduan, dizipuluak hurbildu eta esan zioten: «Ba al dakizu fariseuak esan duzunagatik ofenditu egin direla*?». 13  Jesusek erantzun zien: «Zeruko nire Aitak sustraitik aterako du berak landatu ez duen landare bakoitza. 14  Ez egin kasurik. Gidari itsuak dira. Eta itsu batek beste bat gidatzen badu, biak zulora eroriko dira». 15  Pedrok, orduan, eskatu zion: «Argituko diguzu konparaketaren esanahia?». 16  Jesusek, berriz: «Zuek ere ez duzue oraindik ulertzen? 17  Ez al dakizue ahotik sartzen den guztiak, sabeletik pasa ondoren, komunean amaitzen duela? 18  Ahotik ateratzen diren gauzak, bestalde, bihotzetik datoz, eta horiek dira gizakia kutsatzen dutenak. 19  Adibidez, bihotzetik ateratzen dira arrazoiketa gaiztoak: hilketak, adulterioak, sexu moralgabekeria*, lapurretak, testigantza faltsuak eta blasfemiak. 20  Hauek dira gizakia kutsatzen duten gauzak. Baina eskuak garbitu* gabe jateak ez du inor kutsatzen». 21  Jesus handik atera eta Tiro eta Sidongo lurraldera joan zen. 22  Eta hara non, han bizi zen emakume feniziar bat etorri, eta oihuka esan zion: «Errukitu zaitez nitaz, Jauna, Dabiden Semea. Nire alaba deabru baten menpe dago, eta asko sufritzen ari da». 23  Baina Jesusek ez zion txintik esan. Beraz, dizipuluak hurbildu eta eskatu zioten: «Esaiozu joateko, denbora guztian gure atzetik oihuka dator eta». 24  Jesusek erantzun zien: «Jainkoak Israel herriko* ardi galduengana bakarrik bidali nau». 25  Baina emakumea hurbildu eta bere aurrean makurtuz*, esan zion: «Jauna, lagundu nazazu!». 26  Jesusek berriz: «Ez dago ondo seme-alabei ogia kentzea eta txakurtxoei botatzea». 27  Emakumeak esan zion: «Bai, Jauna, egia da. Baina txakurtxoek beraien jabeen mahaitik erortzen diren papurretatik jaten dute». 28  Jesusek erantzun zion: «Emakume, zein handia den zure fedea! Bete dadila zure nahia». Une hartantxe, alaba sendatu egin zen. 29  Handik atera zenean, Jesus Galileako itsaso aldera hurbildu eta mendira igo zen. Han eserita zegoela, 30  jendetza handiak hurbildu zitzaizkion, eta herrenak, elbarrituak, itsuak, mutuak eta beste asko ekarri zizkioten. Bere oinetan jarri zizkioten eta berak sendatu egin zituen. 31  Beraz, mutuak hitz egiten, herrenak ibiltzen, itsuak ikusten eta elbarriak sendatuta ikustean, jendea txundituta geratu zen, eta Israelgo Jainkoa goretsi zuten. 32  Jesusek dizipuluei deitu eta esan zien: «Jendetza hau ikusteak zeharo hunkitzen nau, zeren dagoeneko hiru egun pasa dituzte nirekin eta ez dute jateko ezer. Ez ditut goseturik* bidali nahi, agian bidean zorabiatu egingo dira eta». 33  Baina dizipuluek esan zioten: «Leku galdu batean gaude. Nondik aterako dugu hainbeste jenderi jaten emateko nahikoa ogi?». 34  Orduan, Jesusek esan zien: «Zenbat ogi dituzue?». Eta dizipuluek: «Zazpi, eta arrain txiki gutxi batzuk». 35  Orduan, jendeari lurrean esertzeko agindu ondoren, 36  zazpi ogiak eta arrainak hartu eta, Jainkoari eskerrak eman eta gero, zatitu eta dizipuluei ematen hasi zen, eta dizipuluak jendetzari. 37  Guztiek jan zuten eta bapo eginda geratu ziren, eta soberan geratu ziren zatiekin zazpi saski handi bete zituzten. 38  4.000 gizonek jan zuten, emakume eta haurrez gain. 39  Azkenik, jendea bidali ondoren, Jesus txalupara igo eta Magadan lurraldera iritsi zen.

Oharra

Hau da, eskuak zeremonialki garbitzea.
Edo «Aita edo ama madarikatzen; Aita edo ama iraintzen».
Edo «doktrinak».
Edo «estropezu egin dutela».
Grekozko porneia hitzaren plurala. Ikusi Glosarioa, sexu moralgabekeria.
Hau da, eskuak zeremonialki garbitzea.
Lit. «etxeko».
Edo «eta omenduz».
Edo «baraurik».